Tuesday, March 2, 2010

MGSR: Trasgu, Astur eta Navarre, ondorioak eta konparaketak



1. Sarrera

Lehen esperimentuan (2006an) hauek ziren erabilitako tresnak eta berorien ezaugarriak:


a) Transmisoreak (PTT: Platform Transmitter Terminal delakoa) 12 gramokoak ziren;

b) Duty cycle delakoa 48/10 izan zen hegazti batekin eta 72/10 beste bi hegaztiekin [1]; eta
c) TTa (transmisión interval delakoa, hots transmisio-tartea
[2]) kasu guztietan 60 segundokoa zen.
Segimendua Argos-en bidez egin zen.


2. PTT emisoreak

2006an eta 2007an erabilitako PTTak desberdinak dira: 9,5 gramoko PTTak %16,5 area gutxiago
dauka 12 gramokoak baino.
Astur-en PTTaren duty zikloa 48/10 izan zen, eta transmisio-tartea 60 segundokoa.

Navarre-ren PTTaren duty zikloa 48/10 izan zen, eta transmisio-tartea 45 segundokoa. Gainera, PTT horrek Mortality Ground Track
[3] delakoa eduki du.
3. Ondorio batzuk
Ondorio mota desberdinak atera ditugu: (a) batzuk lokalizazioari dagozkionak; (b) beste batzuk duty zikloari eta transmisio-tarteari dagozkienak; eta (c) azkenik, orokorrean, proiektuari eta jarraipenari dagozkienak.

(a) Lokalizazioak.

Argos-ek aditzera ematen duenez, badira zenbait desadostasun praktiko; 0 lokalizazioekin badaude zenbait arazo; eta A eta B lokalizazioek ez dute zehaztasunik
[4].
Gure oilagorrek emandako datu guztiak kontuan edukirik, kasu okerrenetan, baina denbora-tarte oso laburretan non suposatzen baita hegaztiak ez direla mugitzen
[5], ondoko ondorioetara iritsi gara:
(i) A eta B lokalizazioen zehaztasuna PTT/hegazti bikoteari dagokio;
(ii) Navarre-ren kasuan, A lokalizazioen erroreak 1,77 eta 5,65 km. artekoak izan dira
[6];
(iii) B lokalizazioen erroreak 0,95 eta 10,67 km. artekoak izan dira;
(iv) Eta 0 lokalizazioen erroreak 3,48 eta 6,4 km. artekoak izan dira.


(Astur-en kasuan ez dugu izan nahiko datu onik, kalkuluak egiteko.)
Navarre-k emandako 0 lokalizazioak nahiko onak dira, nahiz eta lokalizazio B bat eta zenbait lokalizazio A zehatzagoak izan 0 lokalizazioak baino.

Zehaztasun horiek grosso modo beste esperimentu batzuetan (eta beste metodologiarekin) egindako ikerketetan
[7] ados daude.
Hemen azpimarratu nahi duguna hauxe da, alegia, gure oilagorrentzat lokalizazio A eta B horiek oso garrantzitsuak dira: errealak eta objektiboak dira, eta lan pixka bat eginez, berorien zehaztasuna lor daiteke.

(b) Duty zikloak eta transmisio-tarteak (TT)

Lehen esperimentuaren eta oraingoaren datuak kontuan edukirik, hona hemen zenbait ondorio argi:

(i) 12 gramoko PTTak, 48/10 duty zikloa eta 60 segundoko TTa zituenak daturik hoberenak eman ditu, hala kantitatean nola kalitatean. Gainera, behin interferentziazko gunea igaro ondoren, maiztasun erregularreko emisioak eman ditu. Halaber, egun berean lokalizazio gehien eman duena izan da.
(ii) 9,5 gramoko PTTak, behin Errusian sartu eta gero, baina aski sarturik egonda, nahiko ongi funtzionatu du: hobe aritu da 45 segundoko TTa daukana 60 segundoko TTa daukana baino.
(iii) Errusian bertan egonda, 12 gramoko PTTak emisio erregularragoak eman zituen (bi egunetan behin) 9,5 gramoko bi PTT hauek baino.
(iv) Errusian nahiko sarturik egon arte, 9,5 gramoko PTTek ez zuten ongi funtzionatu, nahiz eta Navarre-k emisio soil bat eman Pirinioez geroztik (martxoaren 31ean).
(v) Astur egon zen inolako emisiorik eman gabe otsailaren 26tik apirilaren 22 arte (ia 50 egun) eta inolako posizio onik gabe hegaztia askatu zenetik (otsailaren 24an) apirilaren 22 arte (ia bi hilabete).
(vi) Navarre emisiorik eman gabe egon da zenbait egunetan (martxoaren 7tik martxoaren 19 arte; martxoaren 25etik martxoaren 31 arte; apirilaren 1etik apirilaren 7 arte; eta apirilaren 9tik apirilaren 17 arte) eta inolako posizio onik gabe martxoaren 6tik martxoaren 31 arte (25 egun) eta apirilaren 1etik apirilaren 22 arte (21 egun).
(vii) Errusian, Astur egon da emisiorik eman gabe abuztuaren 5etik irailaren 19 arte (45 egun); egun horretan lokalizaturik gabeko emisio eman zuen: hegaztia bizirik zegoen.
(viii) Zer dela-eta ez Navarre-k ez Astur-ek ez dute emititu 2006an 12 gramoko PTTak emititu zueneko lekuetan: Alemanian, Polonian, Bielorrusian eta Errusian (oso mendebaldeko guneetan)?
(ix) Soilik interferentziazko arazo bat da
[8] ala karga elektrikoaren arazoa ere bada?
(x) Bigarren hipotesian, 9,5 gramoko PTTekin duty ziklo berri bat beharrezkoa izango litzateke: 72/10 duty zikloa, hain zuzen ere, zeina, printzipioz, 12 gramoko PTT-rekin 2006an egindako esperimentuan ikusi zen bezala, 60 segundoko TTarekin erabil baitaiteke. Are gehiago, 60 segundoko TT horrek PTTari aukera emango lioke astiroago deskargatzeko: interferentziak dauden espazio konkretuan oso garrantzitsua dena.
(xi) Argi dagoenez, 2006ko esperimentuak 12 gramoko PTTak gehiago kargatu zuen 2007ko 9,5 gramoko bi PTT horiek baino. Bistakoa da, kontuan hartzen bada 12 gramoko PTTaren area %16,5 handiagoa dela 9.5 gramoko PTTarena baino. (Baldintza klimatiko berean, area handiago zeukan lehen PTTak, eguzki izpiak jasotzeko eta kargatzeko, azken bi PTTek baino.)
(xii) Eguzki izpiak jasotzeko, 9,5 gramoko PTTaren area 12 gramoko PTTaren area baino txikiagoa denez, antzeko emisioak lortzeko, antzeko funtzionamenduan aritzeko (gogoratu 2006an lorturiko emisioak onenak izan zirela), kargatzeko tartea handitu behar da, alegia, 72/10 duty zikloa erabili beharko litzateke.

Hortaz, laburbilduz, oilagorrekin Europa osoan esperimentuak egitekotan -Europako edozein herrialdetan- 12 gramoko PTTa erabil daiteke (48/10 duty ziklokoarekin eta 60 segundoko TTarekin) edo 9,5 gramoko PTTa (72/10 duty ziklokoarekin eta 60 segundoko TTarekin).

(c) Interferentziak

Argi dagoenez, oraingoz, interferentziak dauden lekuetatik alde egin behar da. Kasu, eskura dagoen teknologiarekin, alegia MTIkoen PTTekin, badago oraindik alboratu behar den leku berezi bat, Mediterraneo ondoko Kataluniatik, Frantziako hego-ekialderantz eta Italiako iparralderantz doana. MTI eta Argos jakitun daude. Izan ere, arazoak daude Europako zenbait lekutan emisioak ongi jasotzeko
. Aurreko esperimentuan esan genuen moduan, hobekuntza etorriko da baldin eta komunitate zientifikoak berak Europako autoritateen gainean presionatzen badute: arazoaren benetako iturriak diren frekuentzien bandei buruzko nazioarteko akordioak eta itunak errespeta daitezen.
(d) Ondorio orokorrak

(1) Charles Fadat-ek bere liburuan (1995) metodo estatistiko bat aurkezten du oilagorren sexua jakiteko, moko-, hego- eta buztanaren neurriak kontuan edukiz. Metodo horren arabera, Navarre arra zen, inolako dudarik gabe. Jonhatan Rubines-ek egindako analisi genetikoaren arabera, aldiz, emea da. Gure esperimentuan, Errusian izandako mugimenduek eta posizioek datu genetiko hori baieztatzera jotzen dute, argi gainera.

(2) Autore batzuen arabera, oilagorrak habia-lekura iristen direnean, ez dira gehiegi aldentzen habia-gunetik. Gure esperimentuak kontrako joera erakusten du. Navarre, litekeen habia utzi ondoren, alde batetik bestera ibili da mugitzen, denbora-tarte luze batez.

(3) Gure oilagorra, Scolopax rusticola, hegazti euroasiatikoa da, ingelesezko izenak (Eurasian woodcock) erakusten duen moduan. Erabili dugun literaturaren arabera, oilagorraren mugak Ural mendiak dira, Astur argi frogatu duen bezala. Oilagorren bizigunea Mendebaldeko Paleartikoa da, Afrikako iparraldetik Ural mendietaraino. Galdera: zeharkatzen ote dituzte Ural mendiak? Zer gertatzen da Uralak haratago dauden oilagorrekin? Norantz eta noraino joaten dira? Ikerketarako puntu garrantzitsua.

(4) Errusian oilagorrekin lanean aritu den ikertzaile-talde batekin kontaktuan izan gara. San Petersburgo inguruan oilagor bati 12 gramoko PTTa (60 segundoko TTarekin eta 48/10 duty zikloarekin) jarri zioten haren mugimenduak jarraitzeko eta ea Ural mendiak zeharkatuko zituen ikusteko. Emisio gutxi eman ditu hegaztiak harrapatu zuten lekuaren inguruan eta 2007ko abuztutik ez du inolako seinalerik eman.

4. Azken hitzak

Oilagorraren migrazioaz gehiago jakiteko, datuak maiztasun gehiagoarekin eta zehaztasun handiagoz lortzeko, ikerketan jarraituko dugu, beti MTIkoen aholkuei kasu eginez.

Bibliografia


Bécasse Passion: Les Voyages d’Astur et de Navarre, 2007, 62 zenb.: 16-22.


Fadat, C. 1995. La bécasse des bois en hiver. Ed. C. Fadat, Clermont-1’Hérault.

Hays, G.C. et. al. (2001) The implications of location accuracy for the interpretation of satellite-tracking data, Animal Behaviour, 61 (5):1035-1040.

Vincent, C. et al. (2002) Assessment of Argos location accuracy from satellite tags deployed on captive Gray Seals. Marine Mammal Science, 18 (1), 156–166.

Eskerrak

Eskerrik beroenak Nafarroako taldeari (Isabel, Alfredo eta Jose Ignacio), ahantzi gabe Nikita Chernetsov doktorea (Biological Station Rybachy, Russia) eta Charles Fadat doktorea eta oilagorrari buruz benetan jakintsua.

Lan hau OEK-k, Oilagor Ehiztarien Klubak, egindako lanaren emaitzaren ondorioa izan da. Proiektua CCBk berak eta Nafarroako gobernuak finantzatu dute. Fotografiak Zarbo Ibarrolak egin ditu.



[1] Alegia, transmisore bat 48 ordu kargatzen egon zen eta 10 ordu deskargatzen; beste bi transmisore 72 ordu kargatzen eta 10 ordu deskargatzen.  

[2] Transmisio-tartea: transmisoreak duty cycle bakoitzean, 10 ordu horietan deskargatzeko erabiltzen duen denbora-tartea. Lehen esperimentuan, hiru transmisoreek 60 segundoro transmititu zuten.  

[3] Ikus https://www.microwavetelemetry.com/ground_track and go to ground track. Oraingo transmisore berriek horrelako kasuetan, 0.5 gramoko aldagailu (switch) gehigarri baten bidez, ohiko transmisore bilakatzen dira, lurretik segitu ahal izateko Yagi antena batekin. PTT berriarekin, aukera eman diete MTIkoek transmisoreei lur-jarraipena egiteko, baldin eta hegaztia hiltzen bada edo transmisorea askatzen bazaio.

[4] Ikus Location accuracy: http://www.argos-system.org/html/system/faq_en.html#LOCATION%20ACCURACY. What’s the meaning of location classes? How accurate is the error estimation? How accurate are class 0 locations? How accurate are class A and B location (empirical data on class A and B)? 
[5] Lokalizazioen arteko aldeak neurtzeko, lokalizazioak denbora tarte oso-oso laburretan hartu behar dira, non hegaztia ez baita mugitzen. 
[6] Metodologia ondokoa izan da. Demagun, martxoan 5ean gertatu zen moduan, lokalizazio 2 eta gero lokalizazio B dagoela (denbora-tarte oso laburrean). Orduan, Argos-ek lokalizazio 2-rako ematen duen zehaztasunari (okerrenean 0.350 km) Google Earth-en bidez neurtutako lokalizazio 2-ren eta lokalizazio B-ren artean dagoen distantzia (kasu konkretu honetan 0.600 km) gehitzen zaio: 0.350 + 0.600 = 0.950. Hortaz, lokalizazio B-ren errorea, kasu honetan, 0.950 km-koa da. 
[7] Ikus Hays et al. (2001) eta Vincent et al. (2002). Hays eta kideek diotenez: “... Much more important for many animal-tracking studies are the accuracies of LC A and LC B, since these accuracies are not reported by Argos. In our trials the accuracy of LC A was comparable to that of LC 1. LC B had poorer accuracy than LC A, but the worst level of accuracy was found in LC 0.” Eta Vicent eta kideek diotenez: “Both filtered and unfiltered LC A locations were of a similar accuracy to LC 1 locations, and considerably better than LC O locations.” 

Followers

About Me

My photo
This blog offers data and analysis from years of tracking the Scolopax rusticola. I created this site in order to weigh in on the challenges facing the tracking of that special bird. I aim to provide an accurate description of the different methodology and technology used in this wonderful adventure. Enjoy it!